Julen Mendizabal preso arrasatearra "borrokaldian", Fresnes-eko espetxeko presoen gose grebarekin elkartasunean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mai. 20a, 10:08

Itziar Moreno euskal presoak bizi duen isolamendua salatzeko, Fresnes-eko espetxeko 12 euskal presoek gose greba hasi zuten duela ia bi aste. Bada, Arrasateko Sortuk "elkartasun osoa" adierazi nahi die zigor ziegan gose greban diren euskal preso horiei eta baita Osny-ko espetxean, Fresnes-ekin elkartasunean, "borrokaldian" ari den Julen Mendizabal preso arrasatearrari.

Jarraian, Arrasateko Sortuk kaleratu berri duen prentsa oharra osorik:

"Sortuk bere elkartasun osoa adierazi nahi die Fresneseko espetxean zigor ziegan eta gose greban diren euskal preso politikoei

Fresneseko espetxean dauden euskal preso politikoek gose greba hasi zuten pasa den maiatzaren 10ean, Itziar Moreno kideak jasaten duen isolamendua salatzeko. Dagoeneko 12 egun dira gose greba hasi zutenetik. Saul Curto, Ugaitz Errazkin, Xabier Goienetxe, Oier Ibarguren eta Enrique Lopez dira gose greba hasi duten euskal preso politikoak. Gauza bera eskatzeko, zigor ziegan dira espetxe bereko emakumezko presoak ere, Iratxe Sorzabal eta Ekhiñe Eizagirre. Sortuk bere elkartasun osoa adierazi nahi die Fresnes-eko espetxean zigor ziegan eta gose greban diren euskal preso politikoei. Era berean, horiekiko elkartasunean

Osny-ko espetxeko presoak ere borrokaldian ari dira, tartean Julen Mendizabal errepresaliatu arrasatearra.

Sortuk euskal preso politikoei ezartzen zaien isolamendua eta sakabanaketa politika ankerrak salatu nahi ditu. Euskal preso politikoek espetxeetan pairatzen duten egoerak okerrera egin du. Eskubide urraketa eta mendekua oinarri duen espetxe politika ezartzen diete Madril eta Parisek euskal preso politikoei, gatazka politikoaren konponbidea eragozteko helburuarekin.

Sortutik Estatu Espainiar eta Frantziarraren jarrera salatu nahi dugu, eta gaurkoan bereziki Fresnes-eko espetxean gertatzen ari dena. Espetxe politika kriminala erabiltzen dute Euskal Herrian irekitako bake prozesua zapuztu eta euskal presoei etengabeko salbuespen neurriak ezartzeko. Euskal Herriko jendarte eta eragile gehienak, nazioarteko erakunde zein pertsonalitate gorenek dispertsioa eta salbuespeneko neurrien aurka azaldu direnean garaia da halako zigor neurriekin behin betikoz amaitzeko.

Inoiz baino beharrezkoago da indarrak batzea. Isolamendu eta sakabanaketa politikak gainditzeko herritarrrok eta erakundeok eman ditzakegun urratsak erabakiorrak izan daitezke. Presio sozial zein politikoan aurrera pausoak ematen jarraitu beharra dago Estatuek egun mantentzen duten mendeku politikak albora ditzaten.

Ezinbestekoa da ere herri mobilizazioa indartu eta biderkatzea, espetxe politika anker honekin amaitzeko lehenik eta behin eta ondoren euskal preso politiko guztiak etxera ekartzeko.

Horrela, Sortuk bere atxikimendu osoa adierazten die espetxe politika salatzeko eta gose grebalariekin elkartasunez burutuko diren mobilizazioei.

Euskal preso politiko eta iheslariak Etxera!"

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak