GR-121 edo Gipuzkoako bira deituriko bidea, herrialde historikoaren mugak zeharkatzen dituen mendi ibilbidea da.
Mugan dagoen herria izanik, ibilbide honen zati batzuk Arrasatetik igarotzen dira, tartean, Udala eta Kanpazar lotzen dituen Meatzarien bidea. Meatz-Erreka tik pasatzen den bide horretan 25 metro inguru errepidean zehar egin izan dira orain arte, eta Besaide M.E.koek arrisku hori saihestu nahian auzokideekin batzarra egin zuten.
Lursailen jabea Gipuzkoako Diputazioa zela jakinda Arrasateko Udalaren bitartez, hauek atontzeko baimena jaso zuten, baina Udalaren aurrekontua gehiegizkoa zenez, atontze lanak batzarkideen artean egitea erabaki zuten, herriari gastu hori eragitea saihesteko.
2016 bidea domekan
2016 bidea programa, Donostia 2016k antolatzen du eta euskal gizarteak berezkoak dituen mendizaletasunak eta kulturzaletasunak uztartzen ditu. Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik zehar doazen 32 mendi etapaz osatuta dago eta datozen bi asteburuetan Arrasatetik igaroko da.
Domekan 9. etapa egingo dute Gatzagatik Arrasatera. 19,3 km luze edukiko ditu eta lau bakarrizketa saio egongo dira ibilbidean zehar.