Arrasateko Euskalgintzak eskaera urgentea egin dio Osakidetzari

Arrasateko Osasun Mentaleko zentroan dagoen mediku euskaldun bakarrak ekainean hartuko du erretiroa eta bere tokia beteko duena ez da euskalduna. Ondorioz, zentro horretan artatzen dituzten bailarako ume eta gazteek ezingo dute zerbitzua euskaraz jaso. Osakidetzari protesta bateratu bat bidali dio Arrasateko Euskalgintzak.

Eñaut Muxika Olasagasti AED euskara elkarteko lehendakariak, Arrasateko Euskalgintzaren ordezkari gisa bidalitako oharra:

"Honen bidez zuregana zuzentzen naiz Arrasateko Euskalgintza osotu eta azpian sinatzen dugun erakundeon kezka azaltzeko, gure herriko Osasun Mentaleko Zentroak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea dela eta. Izan ere, egun zentro horretako erabiltzaileek zerbitzu gutxi batzuetan baino ez dute euskara erabiltzeko aukera: bakarrik harreragileak eta psikologoak dakite euskaraz eta. Hala ere, poztekoa da gure bailarako haur eta nerabe euskaldunek behar dituzten hainbat zerbitzu, behintzat, psikologoak eskaintzen dizkienak hain zuzen, euskaraz egotea.

Esan bezala, zentro horretako zerbitzuen hizkuntza kalitatea ez da ona, eta ez da arrasatearrei legez zor zaiena. Egoera horrek okerrera egingo ote duen beldur gara, ordea, berriki jakin baitugu laster psikologo horrek erretiroa hartuko duela, eta haren ordez etorriko den profesionalak, lanpostu horretan aritzeko derrigorrez beharko lukeen hizkuntza gaitasuna ez izateaz gainera, ez dakiela euskaraz. Horrexek kezkatzen gaitu, hain zuzen ere. Psikologoak euskaraz ez badaki, euskaraz ahoz egiteko gai ez bada, nola artatuko ditu euskaraz bakarrik egiten duten haurrak, eta, oro har, gaztelaniaz eroso sentitzen ez diren erabiltzaileak? Hori al da Osakidetzak bere Euskara Planean aldarrikatzen duen kalitatezko zerbitzua? Hori al da paziente eta erabiltzaileekiko komunikazioa bermatzea? Hori al da zerbitzu asistentzial egokiak ematea? Hori ez da ez kalitatea eskaintzea, ez gutxieneko kalitate mailako zerbitzua ematea ere.

Horixe da, bada, Arrasateko Euskalgintzaren kezka, eta arazo horri konponbidea jartzeko eskatzen dizugu, erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatu eta zerbitzuaren kalitate ona eutsiko badio Osakidetzak.

Arrasateko Euskalgintza honako erakunde hauek osotzen dugu: Txatxilipurdi elkartea, Ekin Emakumeak elkartea, Goiena Komunikazio Zerbitzuak, Arizmendi Ikastola, Arrasate Herri Eskola, Arrasateko Institutua, MGEP, Emun kooperatiba, Debagoieneko AEK, EHE, Arrasateko Udala, AED elkartea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.