Ford Mugarri taldea 6-2 hasi zen galtzen partidua, baina entrenatzaileak hutsartea eskatu ondoren, 7-11 jarri zen markagailua hemezortzigarren minutuan, partiduari buelta emanda. Partiduan buru-belarri sartuta egon arren, Alcasser taldeak berriz, buelta eman zion partiduari, atsedenaldira 14-12 joanez.
Bigarren zatian, taldearen lan onak berdinketa ekarri zuen, 17-17ko berdinketa lortuz 40.minutuan. Valentziarrek, ondoren, bi puntuko aldea atera zuten, baina berriz ere jokalari guztien artean eta Asier Valle atezainaren geldiketei esker, markagailuari buelta emateko gauza izan ziren, berrogeita hamargarren minutuan (20-20).
Azken hamar minutuetan Alcasserrekoak ez ziren izan gauza arrasatearren defentsa gainditzeko eta 21-23 jarri zen Ford Mugarri aurretik. Azken minutuetan egindako bi akatsek eta epaileek aginduriko kaleratzeekin (Ford Mugarriko 2 jokalari egotzi zituzten ia jarraian) Alcasser taldeak partidua berdintzea lortu zuen (24-24).
Azken 40 segundoak erabakigarri
Patxi Gartziaren mutilak aurretik jartzea lortu zuten 24-25. Baina azken hiru jokaldietan epaileen erabaki arraro batek, eta defentsa on bat egin ondoren, galdutako baloi batek Alcasser taldeari 26-25 jartzeko aukera eman zion. Eta azken 20 segundotan ezin izan zuen Ford Mugarrik partidua berdindu.
Partidu ikaragarria jokatu ostean, pena izan da galtzaile ateratzea, baina jokalariek partidu guztian izandako jarrera, adorea eta indarra ikusgarria izan zen. Gaur, berriz, Bordils taldearen aurka jokatu beharko dute igoera faseko lehen kanporaketako bigarren partidua, 20:00etan.