Espainiako gizarte-babes sistema “indartzeko” helburuarekin, Gutxieneko Diru-sarreren Prestazioa sor dadin eskatu nahi dute UGT eta CCOO sindikatuek Espainiako Diputatuen Kongresuan, Legegintzako Herri-Ekimen baten bidez. Horretarako, sinadurak behar dira, eta Arrasaten 200 bat batu dituzte egubakoitz goizean zehar, mahai baten.
CCOOko Debagoieneko arduradun Iñaki Tempranok honako hau esan du: “Sinadura kanpainarekin denbora dezente daroagu CCOOk eta UGTk, eta espero dugu martxoan aurkeztu ahal izatea Legegintzako Herri-Ekimena Kongresuan”.
Prestazio hori Euskadiko RGIren antzekoa izango litzateke. Gaur egun lanbide arteko gutxieneko soldataren %75ren berbera izango litzateke; 2016an, 573,30 euro. INEren estatistiken arabera, Espainian 770.000 familia daude soldata, pentsio eta subsidiorik gabe.