Epeleko zabortegia egokitzea ez da "arazoari irtenbidea", EAJren arabera

Industria hondakinetarako Epeleko eremua.

Arrasateko EAJ udal taldearen arabera, Epeleko zabortegia ez dago hiri hondakinak jasotzeko prestatuta: "Ia beteta dagoen zabortegi industriala da. Badira oraindik lurraldean aztertu behar diren beste aukera batzuk; egungo zabortegiak handitzea edo zaborrentzako beste leku batzuk bilatzea, kasu. Hala ere, irtenbide horiek ez dute konpontzen bere osotasunean, azken urte hauetako planifikazio ezak Gipuzkoan, zaborren inguruan, eragin duen arazoa".

Udal Gobernuko EAJ taldearen prentsa oharra osorik:

"Nahiz eta hondakinen gaiaren eskumena Debagoieneko Mankomunitateari dagokion, mankomunitate horretan parte hartzen duen Arrasate Udalak, ondorengo adierazpenak egin nahi ditu:

Arrasaten kokaturiko Akeiko zabortegia, 35 urtez egon zen jardunean, ez bakarrik Debagoieneko hondakinak, baita Debabarrena eta Bizkaiako herri batzuetako hondakinak jasotzen zituelarik. Arrasatek, bere zaborrez gain, Antzuola, Aretxabaleta, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Oñati, Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku, Soraluze, Ermua, Mallabia eta Durangoko zaborrak jasotzen zituen.

Akeiko Zabortegiak 1961ean hasi zuen bere jarduna, 1996. urtean itxi zelarik, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, Europar Direktibetatik zetozen arau berriak betetzen ez zituelako.

Guztira, era guztietako isurketek betetako bolumena, 200.000 m³koa izan zen.

Zabortegiaren itxiera 1996an izan bazen ere, berreskuratze lanak ez ziren 2005. urtera arte amaitu. Egun, nahiz eta Arrasateko Udalak Akeiko zabortegiari dagokion ingurugiro jarraipena egiten jarraitzen duen, zenbait medioetan agertutako adierazpenek erakusten digute, berriz ere Gipuzkoako lurralde historikoan, itxitako Akeiko zabortegitik distantzia eskasera, hiri hondakinak uzteko aukera mahai gainean dagoela.

Horiek horrela, Arrasateko udalak, 35 urtetan zehar, gai honekiko, nahikoa inplikazio, solidaritate eta konpromiso erakutsi duela uste dugu, nahiz eta kontziente izan Gipuzkoak zaborren inguruan denon artean konpondu beharreko arazo larria duela. Baina uste dugu, irtenbidea ez dela Epeleko zabortegian egokitzapen lanak egitea,  kontutan izanik, hiri hondakinak jasotzeko prestaturik ez dagoela eta ia beteta dagoen zabortegi industriala dela.

Uste dugu badirela oraindik lurraldean aztertu behar diren beste aukera batzuk, esaterako, egungo zabortegiak handitzea edo zaborrentzako beste lekuak bilatzeko aukerak aztertzea, nahiz eta irtenbide hauek ez duten konpontzen bere osotasunean, azken urte hauetako planifikazio ezak, Gipuzkoan, zaborren gaiaren inguruan, eragin duen arazoa".

 

Erlazionatuak

Arrasateko PSE-EEk "zuhurtziaz eta errespetuz" jokatzeko eskatu dio EAJri Epeleko auziaren inguruan

Arrasate

EAJrekin Arrasateko Udal Gobernua osatzen duen PSE-EE taldeak ukatu egin du atzo, astelehena, Udalaren izenean bidalitako prentsa oharra babestu iz...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.