Jende askotxo elkartu zen atzo, egubakoitza, Kulturateko klaustroan erakustaldiaz gozatzeko: "Marrazten aritu nintzen eta, beraz, ia burua paperetik altxatu gabe, baina jendea gerturatu zen". Ribas marrazten ari zena aldi berean telebista baten proiektatuta ikusi ahal zuten ikusleek: "Hurrengo baterako badago zer hobetu, marrazkia ez zen-eta behar moduan ikusten telebistan", dio artistak.
Ordubeteko tartea izan zuen Ribasek egiten dakiena erakusteko, 19:00etatik 20:00etara: "Komiki bat egiteak denbora askoz gehiago eskatzen du eta horregatik erabaki nuen bineta bat egitea, zerotik hasi eta bukaerara arte". Arkatzarekin zirriborroa egin, tinta txinatarrarekin osatu eta ondoren marrazkia koloreztatu zuen, bertaratu zirenen gozamenerako. Gainera, Xabiroi aldizkarirako egiten dituen lanak ikusgai jarri zituen.
Argazkia: zenbait herritar Julen Ribasek aurrez egindako komikiak begiratzen