Arrasate Musikaleko orkestrak eta Goikobalu abesbatzak indarrak batuko dituzte gaur iluntzean, beste behin. 2010az geroztik urtero eskaini duten ikuskizuna klasiko bihurtzeko bidean dago, ikusleen eta parte hartzaileen artean duen arrakasta ikusita. "Zazpigarren urtea da bat egiten duguna, eta jendea pozik irteten da kontzertu guztietatik. Guretzako, herriko orkestrarekin jotzea erronka polita da", adierazi du Iñaki Maidaganek, Goikobaluko zuzendariak.
Aurten, Musikaldia 2016 programaren barruan, emanaldi dotorea prestatu dute. Aurreko edizioetan bezala, Arrasate Musikalekoek emango diote diote hasiera saioari. Aurten ere ez dira filmetako soinu bandak faltako, eta The Last of The Mohicans (Azken Mohikanoa) eta James Bond-en pelikuletako abestiak joko dituzte giroa berotzeko. Behin hauek jota, Johannes Brahms-en Hirugarren sinfonia pieza klasikoa joko dute, Goikobalukoak oholtzara igo aurretik.
Ondoren, Gabriel Faure-ren, Joseph Haydn-en eta Wolfgang Amadeus Mozart-en hainbat pieza joko dituzte elkarrekin. Abestien aukeraketaren inguruan galdetuta, zera esan du Maidaganek: "Errepertorioa adostu egiten dugu, ez baita prozesu erraza izaten. Kanta batzuk oso politak izan arren, ez dituzte orkestrako instrumentu guztiak erabiltzen, eta helburua ahalik eta musikari gehien erabiltzea da. Beste kanta batzuek 100 ahots edukitzea eskatzen dute, baina gure koruan 56 partaide gaude, eta batzuetan motz geratu gaitezke. Abestien eta baliabideen arteko oreka bilatzen dugu".