Mendiaren eta naturaren gaineko zinema Arrasaten, datorren martitzenean

Eneko Azurmendi 2016ko api. 29a, 09:28
'The warmth of winter' (neguaren berotasuna) filmeko fotograma bat.

Bilbao Mendi Film festivaleko pelikularik onenak Gipuzkoako hainbat herritan eskaintzen ari dira Mendi Tour ekitaldian eta hurrengo geltokia Arrasaten izango dute maiatzaren 3an, martitzena, 19:30ean.  Sarrerak 5 eurotan egongo dira.

 

Bilbao Mendi Film Festivalek antolatu du ekitaldi hau, Zineuskadiren laguntzarekin eta Besaide Mendizale Elkartearen eta Arrasateko Udalaren babesarekin. Arrasaten  bosgarren aldiz ospatuko da ekitaldi hau. Antolakuntzatik nabarmendu dute, mendia eta natura gustuko duenarentzat ez ezik, publiko orokorrago bati zuzendutako emanaldia ere badela.

Lau izango dira eskainiko diren pelikula edota laburmetraiak: Aiba! mendi martxa, High and Mighty, The warmth of winter eta Jeff Lowe´s metanoia.

Lehenengoa Arrasateko Aiba mendi martxaren gaineko dokumental bat da, Besaide mendizale elkarteak 2015eko mendi martxan lagunartean grabatutakoa. eta bertako Dragoi produkzioak ekoitzia. Aitor Zubiaga Besaide mendizale elkarteko kideak azpimarratu du herritarrei mendi martxaren gaineko informazioa ematea izan dela dokumental honen helburua. Jendeari erakusteko momentu egokia aurkitu arte itxaron dutela onartu du. "Urtebete inguru eduki dugu gordeta eta ekitaldi hau baliatu nahi izan dugu bertan herritarrei eskaintzeko", azaldu du Zubilagak.

High and mighty (altua eta indartsua) filmak laburmetraia onenaren saria irabazi zuen Bilboko jaialdian, Nik Rosen zuzendaritzapean. 2015eko filma da eta 18 minutuko iraupena du. Laburmetraia honek zailtasunezko eskaladaren kultura modu arriskutsuan azaleratzen du, eszenatoki berritzaile batekin. Daniel Woods protagonistak Highball izeneko harrizko horma eskalatzea du helburu, bertatik erortzeak lesio larriak ekarri diezazkiola. Zailtasun maila handiko horma da eta borroka itzela edukiko du protagonistak hura gainditzeko.

The warmth of the winter (neguaren berotasuna) musikala hausnarketarako bidea ematen duen film bat da, 6 minutuko iraupena duena. 2015ean argitaratu zen Ben Sturgulewski zuzendariak gidatutako film hau. Japonia iparraldeko elur berezia, egun eguzkitsuak, eta eskia uztartzen ditu lan honek.

Azkenik, Jeff Lowe´s metanoia (Jeff Loweren metanoia) filmak ikuslegoaren saria irabazi zuen. 2014ko pelikula da eta 78 minutuko iraupena du. Zuzendaria Jim Aikman da. Honek Jeff Lowe alpinista ospetsuaren bizitza kontatzen du: igoera utopikoekin eta kirol honen gailurrean izatearekin hasita, zoritxarrezko gainbehera emozionaletik igaroz eta gaur egun pairatzen duen endekapenezko gaixotasunera heldu arte. ‘Metanoia’-k, Jeff-en bide imajinaezin berriak (bakarrik, negu gorrian eta Eiger-eko ipar horman), bere bizitza aldatu zuen eta inoiz bizi izan duen abentura handienerako prestatu zuen.

Mendizaletasuna bultzatzen

Zubiagaren ustetan, oso garrantzitsua da mota honetako ekitaldiak Arrasaten egitea. "Egun berezia izaten da guretzat. Mendizaleon topagune moduko bat da, urtero elkartzeko aukera ematen diguna", azaldu du Zubiagak.

Ekitaldi honetaz gain, gazteei zuzendutako emanaldi bat ere egin guran dabiltza Besaide elkartean, baina oraingoz behintzat proiektu bat besterik ez da. Azken finean, inguruko herrietan mendizaletasuna bultzatzea da elkartearen helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak