LABen oharra:
"Ez dugu hazkunde ekonomikoko fase berri hau sendotzen eta egonkortzen lagunduko, elite ekonomiko eta politikoek, beren aberastasuna bermatzeko, gehiengo soziala miseriara kondenatzen duten bitartean.
Ez dugu orain 10 urteko egoerara itzuli nahi. Egoera irauli nahi dugu, eta horretarako arazoaren muinera jo nahi dugu. Lan baldintza eta eskubideen prekarizazioan oinarritzen den lan mundua, herritarrak babesik gabe uzten dituen eredu soziala eta herriari erabakitzeko eskubidea lapurtu dion eredu ekonomikoa da eskaintzen digutena. Eta guk, eredu honen aurrean, aberastasunaren eta lanaren banaketa defendatzen dugu. 1200 €ko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan-astea; emakumeengana neurri hauek iristeko politika zehatzak; lan osasuna ziurtatzeko neurriak eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea.
Aldaketa eragiteko baldintzak baditugu: badugu mugimendu sozial eta sindikal indartsu bat, Karta Sozialaren bueltan, Euskal Herrian alternatibak proposatu, saretu eta elikatzeko. Bagara antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna duen Herria.
Maiatzaren 1ean, aldarrikapen hauen baitan bilduko gara Eibarren, eta arrasatear guztiak gonbidatu nahi ditugu 12etan Untzaga plazatik abiatuko den manifestaziora.
Baina batez ere, gazte prekarizatuak, kontraturik gabe lan egiteaz edo praktika epean debalde lanpostu bat ordezkatzeaz nazkatuak zaudetenok. Lan istripuak, autonomo faltsuak, ordu extrak, enpresen itxiera sufritzen duzuenok, Karrera bat bi master eta azkenean kanpora lanera joatera behartuta zaudetenok, zuoi, kapitalismoa itzali eta borroka pizteko deialdi berezia luzatu nahi dizuegu".