Udalaren arabera, proiektuaren "egungo egoera zehatza" zein den eta helburuak zeintzuk diren azaltzeaz gain, bileraren egitekoa izan zen prozesuaren baitan datozen urratsak zeintzuk izango diren aurkeztea: "Bizilagunen iritzi eta ekarpenak ere entzun eta jaso ziren, proiektuak eragingo dituen aldaketen inguruan arduratuta daude-eta", gaineratu dute.
Eremu zabalagoa
Udal ordezkariek nabarmendu dute, "asko eta askotarikoak" izan direla jasotako proposamenak: "Ekarpen guztiak aztertu ostean, bistako ikusi da, berrantolatze prozesuaren emaitzak eraginkorrak izan daitezen, eraberritu behar den eremuak handiagoa izan beharko lukeela". Hortaz, Udalaren arabera, Muzibartik San Frantziskoko biribilgunera doan eremua berrantolatzeko aukera ezberdinak aztertuko dira.
Bi fasetan egin beharrekoa
Dena den, eremu bakoitza fase ezberdin baten gauzatuko da, Muzibar eta Arbolapeta artekoa izango da lehena eta Arbolapeta eta San Frantzisko artekoa bigarrena. Proiektuaren bigarren fase horretarako ere erakusketa jartzea aurreikusten dute: "Atzoko bileran argi geratu zen bere garaian Muzibar eta Arbolapeta kaleen berrantolaketarako aurkeztutako 21 proposamenak gehiegi izan zirela; bizilagunek aukera gutxiago eta zehatzagoak eskatu dituzte", gaineratu du Udalak prentsa ohar bidez.