Besaideko kideek Legutiotik Urkiolara egin dute txangoa

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko api. 26a, 10:41
Besaideko kideak Urkiolan.

Eguraldia ez zuten lagun izan, baina egun polita igaro zuten mendi eta baso artean 34 lagunek.

Hona hemen Sergio Serrano Besaideko kideak bidalitako kronika:

Eguraldi txarrari aurpegi alaia jarri behar halabeharrez, ez baitago ezer egiterik eguraldi kontuetan. Gauzak horrela, 08:10etan 34 lagun Legutiotik abiatu ginen Aramaioko Oleta/Olaeta auzorantz. Albinako urtegi ondotik igaro ginen lehen kilometrotan, lainopean zegoen Jarindo tontorra imajinatuz, baso magikoetan barrena sartu ginen ondoren, Mirugain tontor (730 m.) xumea zapaldu genuen arte.

Hortik aurrera aldapan behera Ortolako errota zaharreraino eta aldameneko Oleta/Olaeta auzoan hamaiketakoa irabazi genuen. Behelainoa zen nagusi paradisuzko haran orlegi honetan eta ezin ikusi Arangioko eta Anbotoko mendizerrak baina jakin bagenekien hor zeudela, haran baketsuaren zaindari balira bezala. Oleta/Olaetatik aldapan gora Urkiolarako bidean, baso zoragarriek babestuta. Behelainoa euri zaparrada bilakatu zen; eskerrak, kanpai hotsek iragarri ziguten santutegia gertu zegoela. Mela-mela eginda eta paisaia ezin ikusi, Urkiolagirre tontorrera igotzeko gogoa joan zitzaigun eta Urkiolako aparkalekuan gure zain zegoen autobuserantz hartu genuen. 5 orduko mendi-ibilaldia egin ostean, arropaz aldatu eta tabernako giro epela bilatu genuen bazkaltzeko asmoz. 16:20etan Arrasaten ginen, etxerako bidean.

Besaide mendizale elkarteko hurrengo hitzordua, GR-282, artzaintzaren bidea, 3. etapa Urkiola-Saldropoko lakua, izango da, maiatzaren 29an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak