"Musika klasikoko doinu gutxi entzun genituen atzokoan", dio Edorta Aiastuik, Arrasate Musikaleko irakasleak eta ekintzetako arduradunak, eta zera gaineratu du: "Gun&Roses, Tina Turner, Alasca, Sugar, Passenger, ABBA... taldeen kantuak aukeratu zituzten, besteak beste. Entzuteko errepertorio atsegina osatu zuten guztien artean. Eskoletako areto txikietan jotzen daude ohituta eta antzokiko eszenatokia hain da handia, asko oso urduri zeudela; hala ere, handiagoa zen jendaurrean jotzen zuten ilusioa, beraz, emanaldi txukuna eta polita egin zuten guztien artean".
82 lagun taularen gainean
Hamar-hamabost minututako tartea izan zuen eskola bakoitzak. Oihan Loitik eta Txomin Maidaganek, Arrasate Musikaleko ikasleek, egin zituzten aurkezpen lanak. "Egitarauan aurrez sartu bariko sorpresatxo batekin ekin genion saioari. Aurkezleek lehen hitzak esan orduko batukada talde bat agertu zen oihalen atzetik. Arrastae Musikaleko perkusio taldeko kideak ziren horiek. Segidan etorri ziren, hurrenez-hurren: Soraluzekoak; Bergarakoak; Oñatikoak; Eskoriatzakoak; Aretxabaletakoak eta etxekoak, azkenak. Musika tresnak ere askotarikoak ikusi eta entzun genituen, asko elektrikoak. Argi erakutsi zuten, beste behin, Debagoieneko musika eskoletan sekulako artistak daudela".
Datorren udaberrian, Oñatin
Orain dela hamahiru urte hasi ziren bailarako musika eskolen kontzertuak egiten. "Atzokoa, Arrasaten antolatu dugun hirugarrena izan zen. datorren udaberrian, Oñatikoek egingo dituzte anfitrioi lanak".
Oharra: Arrasate Musikaleko Edorta Aiastuik ateratako argazkiak dira.