Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak 11/2013 sumarioa ireki du, eta 47 lagun auzipetu ditu, tartean Ekain Zubizarreta arrasatearra. Auzipetuak abokatuak edo Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadik elkarteetako kideak dira eta Jake, Mate eta Pastor operazioetan atxilotutakoak. Maiatzaren 10erako deitu dituzte lehen deklarazioa hartzera.
Herrira elkarteko kide moduan auzipetu du Velascok Ekain Zubizarreta. Langileen segurtasunaren aurkako delitua egozten dio Auzitegi Nazionalak Herrira elkarteari.
Ekain Zubizarretak baieztatu egin du auziperatzea, eta ez du oraingoz adierazpenik egin gura izan.
Eloy Velasco epailearen aginduz 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuten Ekain Zubizarreta arrasatearra beste 18 lagunekin batera Guardia Zibilak Herrira euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduaren kontra burututako operazioan. Madrilera eraman zuten Tres Cantosera, eta epailearen aurrean deklaratu ostean libre utzi zuten urriaren 3an "fiskalak ez duelako ezer eskatu beraren kontra".