Ez dute, baina, musika kontzertu soila egingo, askotariko diziplina batzen dituen umorezko ikuskizuna da Arrasatera ekarriko dutena. "Ezohiko formatua da. Musika, antzerkia eta dantza bateratzen ditu; horiek guztiak umorez lotuta. Edozeinendako modukoa da: dibertigarria eta ulertzeko samurra", azaldu du Sandra Silvia Gorzak, ekoizleak.
Diven arteko borroka
Ikuskizunaren hasierak musika klasikoko kontzertu baten itxura du, baina bat-batean gauza bitxiak gertatzen hasiko dira. "Jeloskortasunaren eta inbidiaren bueltan osatutako istorioa kontatzen da. Taularen gainean lau diva daude, nor baino nor divagoa. Guztiek gura dute onenak izan; lehia horretan pasarte komikoak sortuko dituzte, hasierako seriotasuna zoramen dibertigarria bihurtuta. Irene Rouco (biolontxeloa) laukoteko serioena da; Inma Pastor (kontrabaxua), berriz, maltzurrena da; koitaduena da Melissa Castillok (biola) antzezten duena, eta emakumez mozorrotuta dagoen Isaac Pastor (biolina) da laugarrena. Orkestretako kideak dira guztiak, musikagintzan eskarmentu handia dute, bada. Hala ere, ez dituzte musika klasikoko piezak bakarrik interpretatuko. Kantu-zerrenda zabala da oso: Mozartetik The Police taldera egingo dute salto eta Schubertik Queenera; flamenkoari ere keinua egingo diote, eta koplari ere bai", gaineratu du Gorzak.
Sarrerak hamar eurotan
Arrasate.eus atarian eta antzokiko leihatilan eskura daitezke, domekarako sarrerak.