Arrasateko karateak osasuntsu jarraitzen du, Arrasate Saioa Karate Taldea lan handia ari da-eta egiten harrobiarekin. Azken izen esanguratsuen artean daude Josu Madinabeitia eta Jokin Martin. 13 urte eskasekin, gerriko marroia dute biek eta euren entrenatzaile Carlos Sanchezen arabera, "oso maila altua" ari dira ematen.
Joan den aste bukaeran berretsi zuten sasoiko daudela, Gipuzkoako txapelketa irabazita. Aretxabaletako Ibarra kiroldegian jokatu zen: "Bi karatekek nagusitasunez irabazi zituzten euren borrokaldiak. Ez zuten inongo arazorik izan garaitzeko".
Euskal selekzioarekin
Euskal selekzioarekin joango dira aste bukaeran Murtziara, zapatuan eta domekan Espainiako txapelketaren 38. edizioa jokatuko delako bertan: "Espainiako txapelketan parte hartuko zutela jakin zutenean izugarri poztu ziren. Lehenago ere euskal selekzioko karatekekin entrenatu zutenean pozez zoratzen zeuden; imajinatu orain, Espainiako txapelketara doazela jakinda...".
Bergarak ere izango du ordezkaritza Espainiakoan; Unai Nogales eta Aritz Zabalza bergararrak joango dira Murtzia aldera. Lau horiek dira Gipuzkoatik joango diren lau karatekak.
"Pasioz bizi dute karatea"
Bost edo sei urte zutenetik entrenatzen ditu Sanchezek Madinabeitia eta Martin: "Beti etorri izan dira sekulako gogoekin, huts egiten ez duten horietakoak dira. Pasioz bizi dute karatea".
Zapaturako zein domekarako zortzi tatami jarriko dituzte Murtziako kirol-jauregian eta 1.000 ume inguruk hartuko dute parte; 1.200 borrokaldi baino gehiago izango dira bi egunetan: "Finalera heltzeko hiru edo borrokaldi gainditu beharko dituzte. Hala ere, esperientzia bizitzea izango da helburua Josurendako eta Jokinendako".