Saskibaloia handi egiten duten elkartasun keinuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko api. 22a, 08:30
MU-Ointxe Andres-en aldeko ekitaldian, joan den asteburuan; irudian, hiru jokalari Renedoko (Kantabria) kantxan. / Argazkia: Contrameta

MU-Ointxe beste erakustaldi bat ari da ematen. Kirol arloan zein gizarte-arloan. EBAn maila mantentzea lortu dute, batetik. Eta, bestetik, helburu solidarioak dituen bi ekimen egin ditu jarraian azken bi jardunaldietan: Kantabriako Andres umearen aldeko ekimena aurreko asteburuan eta behartsuenei laguntzeko elikagai bilketa oraingoan, Easoren aurkako partiduan –zapatuan, Iturripen, 18:00etan–.

Datorren urtean EBAn jokatuko dutela bermatu ostean –azken seietatik bost irabazi dituzte, tartean kategoriako oilarrak diren Ardoi eta Santurtzi menderatuta–, urteko kirol helburua lortu dute.
Horrez gain, joan den asteburuan Renedoko (Kantabria) Pas Pielagos taldearen aurkako partiduan, Andres izeneko 8 urteko umearen aldeko ekimenean hartu zuten parte Josu Larreategiren mutilek.

Buruko isuri baten ondorioz AEBtara bidaiatu behar izaten du Andresek; haren alde dirua biltzeko hainbat ekimen ari dira egiten Renedon. Bada, jokalariek Andresekin egoteko aukera izan zuten: "Jokalari guztiek sinatutako Ointxeren kamiseta bat soinean zuela ikusi genuen Andres kantxatik korrikan. Klub osoaren izenean esan beharra daukat Pielagos klubeko estamentu guztiak dena eman zutela gure alde, Andresi laguntzeko erakutsi dugun elkartasunagatik. Taldeak berak eta hango zaleek erakutsitako esker onak hunkitu egin gintuen", dio Larreategik.

Revilla egon zen partiduan

Ekitaldiaren garrantziaren adierazle, Kantabriako presidente Miguel Angel Revillak hartu zuen parte. 1.500 lagun inguru izan ziren partiduan eta ia 3.000 euro batu ziren Andresendako. Larreategik aurreratu duenez, Pielagos-en eta Ointxeren arteko harreman onak emango ditu fruituak aurrerago ere. Partidua etxeko taldeak irabazi zuen, 82-71: "Etxean partidu bakarra galdu dute, Ardois liderraren aurka. Orokorrean taldeak ondo egin zuen lan, baina kantxa hauetan 40 minutuetan dena eman behar duzu kontzentrazioari eta fisikoari dagokionez".

Biharkoa, elikagai bankurako

Bihar, zapatua, derbi gipuzkoarra jokatuko dute arrasatearrek Easoren aurka (18:00, Iturripe). Behartsuenendako beste elkartasun keinu bat izango dute: "Iazko arrakasta ikusita, aurten ere jokalari zein staff teknikoak erabaki dugu, zuzendaritzaren babespean, hiriburuko taldearen bisita aprobetxatzea elikagaien bilketa bat egiteko. Partidu honetan ikusleek doan sartzeko aukera izango dute iragankorrak ez diren jakiak –arroza, pasta, lekaleak...– eramanda. Jasotako guztia Bergarako Elikagaien Bankura bideratuko da. Espero dugu oraingoan ere Iturripeko harmailak betetzea. Animatu!", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak