Ordainduko arduradunek esan dute joatea “oso garrantzitsua” dela eta izen emate epea ireki dute. Autobusa antolatu dute egun horretarako Bilbora.
Laboral Kutxaren batzarlekuaren kanpoan bilduko dira, euren esanetan, “entitate finantzarioak soluzioak eman ditzakeelako”. Honako hau diote: “Kreditu kooperatibak baliabideak ditu eta soluzioaren zati bat izan daiteke. Iraganean, Kontseilu Errektoreko presidente Txomin Gartziak eman zion ezezko zorrotzena Fagor Etxetresnendako Mondragon Korporazioak berak egin zuen bideragarritasun plana egiteko baliabideak ipintzeari (…). Ondorioak sufritzen jarraitzen dute milaka bazkidek eta bazkide ohik (…). Txomin Gartziaren jarrerak kooperatibismoaren giza-balioak kolokan ipini ditu”.
Iñigo Uzinekin hitz egin nahi dute
Eta hauxe gaineratzen du: “Oraintxe jakin dugu DanobatGroupeko presidente Iñigo Uzin aukeratu dutela Korporazioko presidente (…). Hedabide batzuetan aukera horren onurez irakurri ahal izan dugu: 4.0 enpresa eredua, haren ustezko profil irekia, sektore arteko banaketari lehentasuna ematen diola… Gutxi hitz egin da kooperatibismoari benetan interesatzen zaionaz: bazkideen benetako parte-hartzea, balioak alde kuantitatiboen gainetik egotea, neurri bako garapenaren eskuetan arima kooperatiboa zergatik desagertu den gaineko analisia, Mondragonen kooperatibismoa mugitzen den eskalak sor ditzakeen arazoak, autofinantzaketaren mugak…”
Eta iragartzen dute Uzinek kargua hartzen duenean harengana joko dutela hitz egiteko asmoz.