2014ean iragarri modura, labeen produkzioa pixkanaka handitu da azken bi urteetan zehar. Izan ere, “Fagorrentzat garrantzitsueneratikoa den produktu horren eskaera handitu egin da, enpresak ekoizle gisa nazioartean duen entzuteagatik eta mundu mailan labeetan aditua izateagatik”, taldeak esan duenez. Horiek horrela, Fagor CNA Group taldeak, iazko datuekin alderatuta, labeen produkzioa bikoiztea lortu du Garagartzan.
Labeak berritu dituzte
Gainera, aurten, Fagor CNAk hobekuntzak eta berrikuntzak egin ditu labe gama berrietan eta horiek 2016an zehar aurkeztuko dira. Berrikuntza nagusiak zenbait hobekuntzatan oinarritu dira, hala nola produktuen eraginkortasunean, aurrezpen energetikoan, erabilerraztasunean eta produktuen garbiketan. Hala, erabiltzaileentzat kontrol-panel praktikoagoak eta intuitiboagoak diseinatu ditu, sukaldatzea sinpleagoa, errazagoa eta seguruagoa izan dadin.
Era berean, 2017ko lehen hiruhilekoan aurkeztuko diren berrikuntzetan ere lanean dihardute. Berrikuntza horiek Fagorren izenpean kaleratuko dira eta etxean, produktuen erabilerraztasuna, eraginkortasuna eta sukaldaritza profesionala lehenetsiko dituzte.
Fagor CNAk adierazi du enpresako Industria Planean jasotakoa betetzen ari direla; salmentak oso emaitza onak ditu, bereziki egosketa produktuen alorrean, non Fagor beti izan den merkatu-buru. Gaur egun, Fagorrek merkatu-kuota garrantzitsua du alor honetan eta urte amaierarako, Plan Estrategikoan jasoa dagoenaren arabera, enpresak merkatuan duen presentzia areagotzea espero da.