Arrasate Emakumeen Mundu Martxaren oharra:
"Astelehenean Bidarten gizon batek emaztea bortizki jipoitu zuela jakin ondoren, atzo, larriki zauritua izan zen emakume honen heriotzaren berri izan genuen. Urtea hasi denetik Euskal Herrian gertatzen den bigarren erailketa matxista kasua da hau eta gure haserrea ezin daiteke handiagoa izan.
Idatzi honen bitartez, Arrasateko Emakumeen Mundu Martxako plataformak erailketa matxista honen aurrean erabateko gaitzespena adierazi nahi du, eta era berean deialdia egiten die herritar guztiei, astelehenean, apirilak 11, 19:30ean Herriko Plazan hau salatzeko egingo den elkarretaratzera batu daitezen.
Bide batez, bihar, apirilak 9, indarkeria matxista salatzeko eta honen aurrean konpromisoa exijitzeko egingo den manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu herritarrak. Hitzordua 13:00etan, Gasteizeko Bilbo Plazan izango da.
Erailketa matxistekin batera, emakumeen aurkako sexu bortizkeria eta eraso fisikoak dira emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latzenak. Indarkeria matxistak, ordea, aurpegi asko dauzka eta hau errotik desagerrarazi nahi badugu, ezinbestekoa da herritarron zein erakunde publikoen erabateko erantzukizun eta konpromisoa.
Amaitzeko, Natalie Van Put-en lagun eta senitartekoei beraien saminarekin bat egiten dugula adierazi eta elkartasuna eskaini nahi diegu".