"Itxurakeria" eta informazioa "modu interesatuan" erabiltzea leporatu dio Arrasateko EH Bilduk alkateari

Jokin Bereziartua 2016ko api. 7a, 08:48

Arrasateko alkateak "itxurakeria agerian" utzi eta hainbat informazio "faltan edo modu interesatuan erabilita" dagoela salatu du. Martitzenean, Goiena Telebistako Harira saioan egindako adierazpenak kritikatu ditu EH Bilduk.

Hemen, EH Bilduren oharra oso-osorik:

"Arrasateko alkate den Maria Ubarretxenak Goiena telebistako Harira saioan egindako hainbat adierazpenen aurrean, Arrasateko EH Bilduk ondorengoa adierazi nahi du:

Maria Ubarretxena alkateak atzoko Goienako elkarrizketan itxurakeria agerian utzi eta hainbat informazio faltan edo modu interesatuan erabilita dagoela salatu nahi dugu.

Garbitasun ordenantzaren eta adierazpen askatasunaren harira, errespetu falta itzela iruditzen zaigu herritarrak informatzeko tresna den Goiena Komunikazio Taldeari egin zioten erasoa garbitasun ordenantza justifikatzeko argudio bezala erabiltzea. Goienaren eraikinean egin ziren pintadak adierazpen askatasunaren aurkako ekintzatzat jo genuen herriko eragile guztiek, gaur Arrasateko Udalak kendu nahi digun adierazpen askatasuna berdina, alegia.

Argudio hau erabiltzeak agerian uzten du ordenantza honen argumentazio eza, ordenantzak ez baitu ekainean agertu ziren bezalako pintadak ekiditen.

Parte hartzea ahotan bai, baina praktikan ez da horretarako ez bitarteko ez ahaleginik egin Udal Gobernuaren aldetik. Alderdion eta eragileon eskaera moratoria eta parte hartzea da, eta ez duzue inolaz ere errespetatu.

Politikoki lotsagarria iruditzen zaigu Arrasatekoa bezalako alkate batek telebista programak erabiltzea (hitzez hitz) "primiziak" emateko. Alkatearen kargua ez da kontu pribatu, pertsonal edo indibiduala. Alkatea herritarren mesedetara dago eta beraiei zor die informazioa, ez telebista programei. Nahiago izatea kazetari bati informazio publikoa kontatzea, herritar eta udaletxeko alderdi politikoei baino asko esaten du gobernu honek dituen lan egiteko formez.

"Primizia", kasu honetan, Aramaio ibaiaren bistaratzeaz agertu da. Proiektua bere osotasunean aztertzeko borondatea, hau da, Muxibarretik Otalora kalerainokoa. Ideia hau, azarotik darabilgu EH Bilduko taldeak eskatzen udaletxeko organoetan, eta astelehenean onartu ziguten eskaera. Eta Maria Ubarretxenak "primizia" bezala saldu izan nahi du. Zergatik ez duzu onartzen EH Bilduren eskaera onartu duzuela?

Erdi-egien artean Laubide plazako aparkalekuen inguruko afera dago. Kontzesio administratiboa egin zuen udaletxeak, "bere garaian", esan digu Mariak, baina "garai" hori noizkoa den ahaztu ahal zaio? "Garai" hori PNVren aurreko legegintzaldikoa da (Lakuntza alkate zenekoa). Beraiek pribatizatu zuten bi parkingak Gespark enpresario kontsezioa eginez eta beraien kudeaketa eskasaren ondorioz, arrasatearrek bi aldiz parking horiek ordaintzeko arriskuan gaude.

Bestetik, gazteak arazo bat omen dira Mariaren gobernuarentzat, hauek omen dira tabernetatik dabiltzan bakarrak eta kexa iturria direnak. Nazkatuta gaude gazteek gaur egun daukaten estigmatizazioari konnotazio negatibo gehiago gehitzeaz. Herri honek gazteendako enplegu eta askatasun gehiago behar du, eta ez gaizki ikusiak direnaren aurreiritzi okerra.

Azkenik, eta horrelako programetan iritzi ezberdinak entzun eta erdi-egiak ekiditeko, Maria alkateari eta Goiena komunikabideari denon arteko debatea egitera gonbidatzen ditugu, gaiak eztabaidatuak izan daitezen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak