Rockomikiak, apirilean zehar bibliotekan ikusgai

Maite Txintxurreta 2016ko mar. 26a, 11:36

Hilaren zortzitik aurrera 80. eta 90. hamarkadetako musikaren eta komikien kulturari buruzko mostra izango da. Bestalde, apirilaren 16an Ken Zazpi taldeak joko du Amaia antzokian, eta honezkero sarrerak agortuta daude. Hilaren bukaeran, berriz, XII. Udaberriko musikaldia hasiko da.

Apirilaren 22an hasiko da aurtengo Udaberriko Musikaldia, Opus 4 eta Txorbela otxotearen eskutik. Maiatzaren 1era bitartean hainbat kontzertu eta musika ikuskizun izango dira Arrasateko agendan.

Nabarmentzekoa da, esaterako, apirilaren 24ko Stradivarias emanaldia. Antzerkia, umorea eta orotariko estiloetako musika uztartzen ditu, klasikotik hasi eta rockeraino.

Apirilaren 16an, berriz, askok luzaroan esperotako Ken Zazpi taldearen kontzertua izango da Amaia antzokian, 20:00etan hasita. Duela bi hilabete honezkero agortuta zeuden emanaldirako sarrerak.

Hitzaldiak

Apirilean, Nafarroako Erresuma mintzagai izango duen hitzaldi ziklotxoa izango da Kulturateko areto nagusian. Hala, hilaren 13an, Amalurreko Gaztelua berbaldia eskainiko du Juantxo Agirrek; 20an, Nafar Erresumako txanponen historia, Mikel Legorbururen eskutik; bukatzeko, hilaren 27an, Floren Aoizek Nafarroa, aldaketaren gakoak hitzaldia eskainiko du.

Liburuaren eguna

Apirilaren 23an liburuaren eguna ospatuko da, eta horren harira, hainbat hitzordu izango dira. Rockomikiaken baitan, bisita gidatuak edota Bertso punk margotua izango da.

Bestalde, liburu aurkezpenak, munduko kontu kontalariak eta umeentzako Zaku bete lelokeri ikuskizuna ere antolatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak