Espainiako II. Errepublikaren bandera jartzea proposatzen zuen mozioa Irabazik aurkeztu zuen atzo, martitzena, egindako ezohiko osoko bilkuran. Eta EH Bildukoek, Podemos-Ahal Duguko eta Irabaziko zinegotziek alde bozkatu zuten; PSE-EE abstenitu egin zen.
EAJ izan zen aurka bozkatu zuen bakarra, hortaz, eta horren zergatia azaldu gura izan dute: "Guk aldarrikatzen duguna da Euskal Herriko errekonozimendu eta erabakitze eskubidea, bere etorkizuna askatasunez eta era demokratikoan erabakitzeko eskubidea. Hortaz, bandera errepublikarra espainola da, eta guk badaukagu gurea, ikurrina, alegia. Eta bigarren, mozio honetan Errepublika, nazio euskalduna bere etorkizuna erabakitzeko gai den subjektu politiko bezala errekonozitzen ez zuen konstituzio espainol batean oinarritzen da. Hori kontutan izanik gure botoa aurkakoa izango da".
Irabazik aurkeztutako mozioan, 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarra salatzea, II. Errepublikako bandera udaletxean jartzea eta II. Errepublika aldarrikatu zela 85 urte betetzen direnean, hainbat ekitaldi antolatzea hura gogoratzeko eskatzen zen.
Mozioa, esan bezala, aurrera atera zen, Udal Gobernuko bi alderdiek alde bozkatu ez bazuten ere.