Esandako moduan, Aste Santua Erramu Domekarekin hasi zuten Arrasaten ere. Eguen Santuan bakarkako aitortzak (10:00etatik 12:00etara), Jaunaren afaria –erdigunean eta San Andresen 19:00etan eta Santa Teresan 18:00etan– eta gaueko otoitza (22:00etan) izango dituzte. Hurrengo hitzordu garrantzitsua egubakoitzekoa izango da, Gurutze Bidea egingo dute Santa Barbara parkeraino: "Arrasaten jende multzo handiena biltzen duena Santa Barbarainoko Gurutze Bidea da. Egubakoitz santuan goizeko zortzietan Portaloitik irtenda Santa Barbarako gaineraino igotzen gara, poliki-poliki eta geldialdiz geldialdi".
Egubakoitz arratsaldean Jaunaren nekaldia eta heriotza ospatuko dituzte. Zapatu Santuan, berriz, isiltasuna izango da nagusi. Elizak ez du ezer ospatzen, Jesus hilobian dagoelako. Zapatu gauean kanpaiak jotzen dira Jesus berpiztu dela ospatzeko eta su santua egiten da. Oraindik ere, antzinako ohiturei eutsiz, su berri hori zenbait baserritarra eramaten da. Hortik aurrera 50 egunez luzatzen dira Pazko jaiak, eta orduan egiten dira bataio eta jaunartzeak, besteak beste.