"Herriko Aste Santuko prozesioak modu xehean antolatzen ziren. Ostegun santuan, esaterako, Hilobi Santua ateratzen zuten Luistarrek. Parrokiako atarian dago eginda gaurko argazkia, 1940 ingurukoa, eta eramaileak luistarrak ziren, ziurrenik urte osoan zehar hilobia eramateko meriturik gehien egin zutenak. Etxebarria, Otaduy, Azkarraga ezagutzen ditut euren lepoan kutxa kargatuko zutenen artean. Eskuineko udaltzaina, berriz, Torres dugu, Zubialdea.
Hilobia parrokiatik atera eta garai hartan San Frantziskoraino joaten ziren. Artean frantziskotarrak Arrasatera itzuli gabe zeuden eta San Frantziskon gordetzen zen San Juan irudia. Irudi horrekin bat eginda prozesioak Maalatik behera egiten zuen, Etxe Txikiak (Arantzazuko Ama kalea) eta Nafarroa Etorbidea igaroz, berriz ere parrokiara heltzeko".