Aprendices birgaitzeko proiektuaren idazketa lizitaziora atera du Arrasateko Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mar. 18a, 13:23
Aprendices eraikina. / Argazkia: Google maps.

Udalarentzat "estrategikoa" den Kulturola proiektuaren barruan, Aprendices eraikina birgaitzeko idazketa lizitaziora atera du. Enpresek sei hilabete eta erdi izango dituzte proposamenak egiteko eta idazketa lan horren esleipenerako, gehienez, 180.000 euro inguru bideratuko dira.

Arrasateko Udaletik jakinarazi dutenez, dagoeneko martxan dago Aprendices eraikina eraberritzeko proiektuaren idazketa lanen lizitazio prozesua. Baldintza pleguaren arabera, enpresa lizitatzaileek sei hilabete eta erdi izango dituzte proposamenak landu eta aurkezteko. Idazketa lanaren esleipenerako 179.999.60 euroko gehienezko aurrekontua ezarri du Udalak.

Arrasate Musikal eta Goikobalu

Aprendices eraikinaren eraberritze lanen ostean, Arrasateko Musika Eskolaren egoitza bilakatuko da eta Arrasate Musikalek eta Goikobalu abesbatzak bertan gauzatu ahal izango dituzte euren musika saioak, entseguak zein emanaldiak.

Eraikin horren eraberritzea, Erlojuaren eraikinaren proiektuarekin batera, legealdi osoan zehar aurrera eramango den ekimen "garrantzitsuenetarikoa" da, Udalaren arabera: "Kulturaren aldeko apustu sendoa egin du Udalak, eta horregatik, estrategikotzat jo du proiektu hau eta honen exekuzioa. Hori dela eta, urtarrila eta otsaila bitartean, Kulturola egitasmoaren baitan, gobernua herriko 17 kultur eragileekin bildu da eta euren iritzi, proposamen, iradokizun eta beharrak gertutik ezagutu ditu. Izan ere, Udalak kultur eragileen inplikazio eta parte hartzea sustatu nahi ditu, prozesu osoan zehar modu aktiboan parte har dezaten", adierazi dute.  

"Garrantzia handiko" gunea

Udal gobernuak "garrantzia handiko" kultur eremua sortu nahi du Aprendices eta Erlojuaren eraikinaren baitan, herriko kultur jarduerak eta elkarteak bertan kokatuz: "Udala urratsak ematen ari da etengabe proiektu honen inguruan; prozesu honekin, etorkizunean, herrian zein bailara mailan garrantzitsua izango den kultur gunea sortzea eta herritarrei, kultur eragileei eta baita kanpotik datozenei ere kultur alorrean aukera berriak eskaintzea dira helburuak".

Lizitazio epeak amaitu eta esleipena egin ondoren, kultur eragileekin zein herritar guztiekin informazio hori partekatu eta prozesu horren baitan udalak emango dituen urratsen berri emango du Udalak.  

Esku-hartzea Makatzenan

Era berean, Udalak azaldu du martxan jarri duela Makatzena auzoko frontoia, jolas parkea eta inguruko urbanizazioa berritzeko obren idazketa lanen esleipen prozesua. Lehiaketara aurkezten diren enpresek bost hilabete izango dituzte euren proposamenak landu eta aurkezteko. Lanek, gehienez ere, 32.670.000 euroko aurrekontua izango dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak