Ortuko garaiko produktuak; landareak; askotariko gozoak; sendabelarrekin egindako ukendu, krema eta olioak; gaztak, eztia, apaingarriak, arropak, narruarekin eta bestelako materialekin egindako eskulanak... Horiek eta gehiago erakutsi eta saldu dituzte herriko zein kanpotik etorritako emakume artistek, Martxoaren 8aren bueltan Seber Altube plazan zegoen Emakumeen azokan. Arrasateko azokara estreinakoz etorritako saltzaileak zeuden eta baita urtero etortzeko ohitura dutenek ere.
"Euskal Herri osoko artisau eta ekoizleei zabaldu diegu aurtengo azokan parte hartzeko aukera. Hotz egiten duen arren, giro ona dago Seber Altuben. Eguerdi partean hasi da jende gehien hurbiltzen. Azoka bukatutakoan, Jaizale elkartean batuko gara 30 bat lagun elkarrekin bazkaldu eta eguna jai giroan borobiltzeko. 20:00etan Kulturatera joango gara, Virginia Imazen Sex o no sex bakarrizketaz gozatzera", azaldu du Maite Barreñak, Udaleko Berdintasun saileko teknikariak.