Igor Isasi: "Atsedena ondo etorriko zaigu bigarren faseari aurre egiteko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mar. 11a, 10:22

Gernikako partiduaren ostean ateratako talde argazkia; jokalariak, goitik behera lokaztuta.

Arrasate Rugby Taldeak denboraldiko lehen porrota jaso zuen Gernikan (26-14), bigarren fasearen estreinaldian. Gogora ekarri behar da arrasatearrak Lehen Mailara igotzeko baliagarria den multzoan lehiatuko direla. Aste honetan atsedenaldia izango dute eta ederto etorriko zaie, hainbat jokalari min hartuta daude-eta. 

Igor Isasiren mutilek Gernikako bigarren taldeari egin zioten bisita joan den zapatuan eta, lehen zatian markagailuan aurrea hartu bazuten ere, azkenean etxekoak nagusitu ziren (26-14). Lokatza eta euria izan ziren nagusi Urbietako zelaian.

Horren aurrean, baina, Kanpanzar Arrasate ez zen kikildu.  Oso kontzentratuta zelairatu ziren eta zuri-moreek aurrea hartu zuen markagailuan lehenengo zatian Iparragirre eta Lezamizen entseguei esker. Transformazioetan Arizaletak ez zuen hutsik egin eta, horrenbestez, hasierako 40 minutuak agortuta 0-14ko emaitzarekin joan ziren aldageletara Isasiren mutilak. 

Min hartuta eta hipotermia 

Talde arrasatearrak ordezko bi jokalarirekin baino ezin izan zion aurre egin norgehiagokari.  Hori gutxi balitz, lehenengo zatian Erkorekak min hartu zuen eskumuturrean, eta Zubizarretak zelaia utzi behar izan zuen hipotermiaz jota. Gauzak horrela, Arrasateko taldeak ordezko jokalaririk gabe ekin zion bigarren zatiari eta, orduantxe, bi taldeen arteko aldea –Gernikak 23 jokalari zituen– nabaria izan zen.

Isasiren mutilek asko sufritu zuten meleetan, eta amorerik eman gabe amaierara arte borrokatu bazuten ere, Gernika B-k lau entsegu egin eta markagailua irauli egin zuen, amaierako 26-14koa ezarriz. Esan bezala, honako hau Kanpanzar Arrasatek aurtengo denboraldian jasotzen duen aurreneko porrota da. 

"Oso harro nago ekipoaz"

ART-eko entrenatzailea oso pozik azaldu zen taldeak erakutsitako jarrerarekin:  "Jokalariek dena eman dute berdegunean, eta oso harro nago ekipoaz". Gernikarrek "merezimendu osoz" irabazi zuten, Isasiren arabera: "Guk jokalari gutxiagorekin egon arren asko zaildu diegu lana, horren adierazgarri da epaileak partiduaren amaiera adieraztean garaipena zelan ospatu duten".  

Aste bukaera honetan ez dute partidurik izango: "Atsedena ondo etorriko zaigu, hainbat jokalari ditugu-eta min hartuta". Bigarren faseko bigarren jardunaldian Iruñea hartuko dute Mojategin; hurrengo asteburuan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak