Konpromiso zehatzak berdintasunaren bidean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mar. 8a, 18:35

Maria Ubarretxena alkateak irakurri du adierazpen instituzionala; atzean, udal talde guztietako ordezkariak.

Arrasateko Udaleko talde guztiek aho batez onartutako adierazpena irakurri du gaur, Martxoak 8, Maria Ubarretxena alkateak. Hartutako konpromisoen artean dago, besteak beste, herriko emakume eta talde feministekin batera herriko puntu ilunen mapa osatzea. 

Jarraian, adierazpena osorik: 

"Desberdintasuna errealitate bat da emakumeen bizitzan, munduko herri guztietan. Maila bat baino gehiago dago, edo modu bat baino gehiago desberdintasun hori agertzeko. Baina gizarte, kultura eta erlijio guztietan, emakumeak mendeko egoera batean daude; bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen dute.

Berariaz hartzen dugu aintzat emakumeen mugimenduaren borroka historikoa, eta feminismoa aitortzen dugu tresna moduan, beharrezkoa dena gizon eta emakume guztion berdintasunerako, behin betiko elementuak eta elementu finkagarriak lortzeko.

Martxoaren 8 honetan gogoan ditugu indarkeria matxistaren biktima guztiak. Eta bereziki Berta Caceres, herri indigenen kontseiluan koordinatzailea, Hondurasen, martxoaren 3an hil zutena.

Arrasatek urte asko daramatza lanean emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak desagertzeko, 1995 urtean lehenengo aldiz izan zuen udaletxeak berdintasuneko sail propioa. Ordudanik urtetik urtera hazten joan da saila, eta 2003. Urtean zerbitzu ere bihurtu zen, Emakume txokoaren irekierarekin.

Udaletxeaz gain, Arrasaten badaude erakundeak emakumeen eskubideak bermatzeko lanean dihardutenak, ekin emakumea eta emakumeen mundu martxa.

Baina guzti hau baino gehiagoren beharra dagoela ikusten dugu, eta horregatik Arrasateko Udalak, martxoaren 8aren testu inguruan, ondorengo konpromisoak hartzen ditu:

1.- Arrasateko udalerriko Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du Emakume txokoa babesteko eta sendotzeko, herriko emakume eta talde feministekin elkarlanean.

2.- Arrasate udalerriko Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du Ahalduntze Eskola indartzeko, herriko emakume eta talde feministekin elkarlanean.

3.- Arrasate udalerriko Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du sortzen dituen idazki guztietan hizkuntza ez sexista erabiltzeko.

4.- Arrasate udalerriko Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du diru-laguntzetako genero klausulak betearazteko.

5.- Arrasate udalerriko Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du Biolentziaren Plana eta bere barruan dagoen Biolentzia Matxistaren kontrako protokoloa  berrizteko, herriko emakume eta talde feministekin elkarlanean.

6.- Arrasate udalerriko Osoko Bilkurak, dei egiten du emakume eta talde feministek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko.

7.- Arrasate udalerriko Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du herriko puntu ilunen mapa osatzeko, herriko emakume eta talde feministekin elkarlanean.

8.- Instituzioen ekimen politiko guztiak eragin positibo edo negatiboa dute genero berdintasunean. Horregatik Arrasateko Udalak aurrera eramaten dituen ekimen politiko guztiak genero ikuspegitik hausnartzeko konpromisoa hartzen du".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak