Arrasatearrekin eta bizkaitarrekin batera, Iruña eta Universitario de Bilbao taldeak egongo dira igoera fasean. Talde onenak zuzeneko igoera lortuko du, eta, bigarrenak, Lehen Mailako azken-aurrekoaren kontra jokatuko du, hil ala biziko lehia. "Igoera fasea irabazteko aukerak baditugu, eta hala bada, iazko egoera berean egongo ginateke. Lehen Mailarako igoerarekin, baina jokalari gutxirekin. Eta gure antzera, beste talde batzuk" dio.
Liga txapelketa 26 jokalarirekin hasi zuen Kanpazar taldeak, baina egun, lehen lerroan gabezia handia dauka. "Bizkarrean eta belaunean min hartuta dauden jokalariak ditugu, eta horrek partiduak irabazteko bermerik barik uzten gaitu. Ligako partidu batzuetan asko sufritu dugu irabazteko, eta igoera fasean ere sufrituko dugu", azaldu du entrenatzaileak.