Aste bukaera honetan hasiko du erabakitzeko eskubidearen aldeko sinadura bilketa Erain Debagoienak. Joan den zapatuko aurkezpenean azaldu zutenez, ekainaren 12an egingo den herri galdeketarako lehen fasea izango da; Erein deitu diote eta fase horretan herri galdeketa posible izateko Debagoieneko eta Aramaioko 65.000 biztanleen %10 baino gehiagoren sinadura lortzea jarri dute helburu.
Ondoren, Loratzea izango da asmoa, herriz herri erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimenduak jaso, eta galdeketari begira beharrezko antolaketa martxan jartzeko unea eta, azkenik, Uzta jasotzeko ordua helduko da, herri galdeketaren eguna.
Ekainaren 12an ahalik eta parte hartze altuena lortzea izango da helburua, emaitza bera bigarren plano baten jarrita.
Ekimena, "erritmo ikaragarrian"
Antolatzaileen arabera, Erain Debagoiena ekimena "ikaragarrizko erritmoan" doa: "Lantaldeak osatzeko bi deialdi egitea zegoen aurreikusita eta urte hasieran egindako lehenengoan izandako erantzunak bigarrena bertan behera uztera eraman gintuen".
Otsailaren 27ko aurkezpenean "atxikimendu zabala" jaso zutela ere nabarmendu dute: "Egunerokotasuneko arlo guztiak ikusi ditugu ordezkatuak. Hainbat ideologia, belaunaldi, jatorri eta lanbide zeuden ordezkatuak".
Aurkezpena Herriko Plazan
Lehen faseari bihar emango diote hasiera, sinadura bilketarekin. Festa giroan egitea da asmoa: 11:30ean Erraldoi eta Kilikien konpartsa eta gaiteroen kalejira egingo dute, herritarrak Herriko Plazako ekitaldira deitzeko. 12:00etan egingo da aurkezpen ekitaldia. Egitasmoaren azalpena, dantzarien agurra eta herriko hainbat pertsona esanguratsurekin argazkia aterako dute.
Gero, 12:30etik 14:00etara, bertsolariak, dantzariak, konpartsa, trikitilariak, txistulariak eta umeendako tailerrak izango dira plazan, besteak beste. Aurkezpenaren ondoren sinadura bilketa hasiko da, plazan bertan jarriko den mahai baten.