Zapatuan, luzera-jauzian, Eneko Carrascalek 7,03 metroko jauzia egin zuen eta marka horrekin zilarrezko domina irabazi zuen. Gazte mailan jokatzen du Carrascalek –16 urte ditu–. Orain arteko bere marka onena 6,99 metrokoa zen.
Pertika-jauzia
Pertika-jauzian, Malen Ruiz de Azuak promesa mailan zilarrezko domina lortu zuen 4,10 metroko jauzia eginda; eta, Maialen Axpek nagusien mailan brontzea lortu zuen 3,90 metroko jauziarekin.
Urrea, jauzi hirukoitzean
Domekan, jauzi hirukoitzean, Iñigo Uribarrenek urrea irabazi zuen, nagusien mailan, 15,54 metroko jauzia eginda.
Pertika-jauzian, Jonathan Perezek brontzea irabazi zuen 4,80 metroko jauzia eginda.
Espainiako Txapelketa izango dute aste bukaeran
Arrasateko atletak datorren aste bukaeran jokatuko duten Espainiako Txapelketara begira daude. Gazte mailakoek Salamancan izango dute txapelketa; eta, gainerakoek Madrilen.
Arrasate Kanpanzar elkarteko hiru atleta joango dira Salamancara: Ibai Fernandezek 60 metroko lasterketa egingo du, 7,15 segundoko markarekin; Daniel Martinezek 400 metroko lasterketa egingo du, 51,81 segundoko markarekin; eta Eneko Carrascalek luzera-jauzian parte hartuko du 7,03 metroko markarekin, eta jauzi hirukoitzean 14,98 metroko markarekin. Carrascalen markak gazte mailako Espainiako onenak dira.
Madrilera joango dira
Madrilera joango dira: pertika-jauzian Malen Ruiz de Azua, Mailen Axpe eta Istar Dapena –Jonathan Perez kanpoan geratu da– eta jauzi hirukoitzean Iñigo Uribarren.