Aurreko astean Ardoi liderrari irabazi ostean, gogotsu irten dira kantxara Josu Larreategiren mutilak. Sailkapenean arerio zuzena den Clavijo mendean hartzeko gogoarekin. Eta segituan antzeman da hori Iturripen. Hasieratik menderatu dute partidua eta di-da batean hartu dute hamar puntuko abantaila. Hartu eta mantendu. Atsedenean 35-45 egon dira aurretik.
Hirugarren laurdenaren erdian 12 puntuko tartea ere zabaldu dute, baina errioxarrek zazpian utzi dute azken laurdena hasi aurretik: 47-40.
Laugarrenean, kale
Abantaila horrekin eta lehia menderatuta zutenaren sentsazioarekin hasi da laugarren laurdena. Baina, zoritxarrez, abantaila murrizten joan da poliki-poliki Clavijo taldea. Bi minututa 0-7ko partziala egin du eta 58-56 ipini du markagailua. Partidua bukatzeko minutu eta erdi geratzen zenean 58-60 aurreratu dira errioxarrak. Hurrengo jokaldian 2+1eko jokaldia egin du Barberenak eta 61-60 ipini du MU aurretik.
Ez da nahikoa izan. Hurrengo jokaldian hirukoa sartu du Clavijok, berriro abantaila hartzeko. Gorka Arexolaleiba hirukoarekin ahalegindu da, baina ez du saskiratzea lortu. Oraindik ere, lehia irabazi edo gutxienez berdintzeko baloia izan dute arrasatearrek, defentsan errebote bat hartu ostean. Baina, erasoan, baloia galdu egin dute birritan eta Clavijok ez du barkatu.