Domeka honetan, otsailaren 28an, Besaide mendi taldekoek irteera egingo dute. Hain zuzen, Donejakue bideko bigarren etapa osatuko dute, Donostian hasi eta Zarautzeraino.
07:30ean aterako dira Garibaiko autobus geltokitik. Ibilbidea hogei kilometro ingurukoa da, eta gehienezko igoera, berriz, 363 metrotakoa.
Ibilbidea osatzeko gutxi gora-behera sei ordu eta hamar minutu beharko dutela kalkulatu dute antolatzaileek, hamaiketakorako geldiunetxoa barne. Ibilbide apur bat motzagoa egin gura duenak ere izango du horretarako aukerarik, Orion erretiratuta. Kasu horretan, hamalau kilometroko ibilbidea izango litzateke, lau ordu eta erdi inguruko ibilbidea.
Eguraldi txarrarekin (hala dago iragarrita), arratsaldeko bostak aldean egingo dute Arrasatera itzulera. Ona eginez gero, berriz, seietan.
Izen emateko sistema berria
Domeka honetan egingo duten irteerarako izen ematea honezkero itxita dagoen arren, sistema berri bat estreinatu dute asteon. Hala, Besaideren bulegoan irteera izango den asteko martitzenetan eta eguaztenetan apuntatu eta ordaindu ahal izateaz gain, ordainketa kutxazain automatiko bidez egiteko aukera ere izan da astelehenetik eguaztenera bitartean. Sistema berri honekin, dirua ate azpitik sartzearena alboratuko dute.