Arrasateko Dragoiak Gasteizko 'Biribildu' torneoan izango dira

Maite Txintxurreta 2016ko ots. 26a, 10:00
Modalitate aerobikoan arituko den taldea

Txapelketa denboraldiko lehen torneoa izango dute domekan gimnastek. Euskal Herriko eta Soriako gimnastek hartuko dute parte, eta Arrasatetik bederatzi kirolari joango dira.

Domeka honetan, otsailak 28, Arrasate Dragoi gimnasia taldeko hainbat kirolari Gasteizen izango dira lehiatzen. Izan ere, etzi, eguerdian, Biribildu torneoa jokatuko dute, izen bereko gimnasia klubak antolatuta. Denboraldiko torneoa da Gasteizkoa, eta txapelketa horretan, Euskal Herriko eta Soriako gimnastek hartuko dute parte.

Hala, Arrasateko gimnasia taldeko bederatzi neska aurkeztuko dira guztira. Araitz Altuberen kasuan, bi modalitatetan hartuko du parte, gimnasia erritmikoko bakarkakoan batetik, hirugarren nibelean, eta taldekako aerobikoan bestetik, bere lau kideekin batera.

Txapelketa Gasteizko Argentina kalean kokatuta dagoen San Andres kiroldegian izango da, eguerdiko 12:30ean hasita.

Modalitateak

Bigarren nibelean, bakarkakoan, Uxue Azkue izango da arrasatearren ordezkaria. Nibel berean baina hirunaka, berriz, Izaskun Gartzia, Nahia Irazola eta Eider Lasanta arituko dira.

Bestalde, hirugarren nibelari dagokionean, Dragoi taldeko Araitz Altubek hartuko du parte bakarkakoan.

Bukatzeko, aerodance modalitatean ere izango da sarrailagileen presentziarik; Maialen Gallardok, Maialen Diazek, Maite Olidenek, Araitz Altubek eta Leire Ugartek osatutako taldea izango da, hain zuzen. Elena Lanuza da euren entrenatzailea.
Edurne Elkoro Dragoi taldeko arduradunak aipatu du neskak  "gogoz" daudela Gasteizko txapelketarako; izan ere, azkenengo txapelketa urrian izan zuten, Espainiako kopa, hain zuzen. "Tarte honetan koreografiak gehiago lantzen ibili gara, eta gauzatxoak aldatzen, hobetzeko asmoz", azaldu du Elkorok.

Erritmoa hartzeko

Hala, lau hilabetez lehiatu barik egon ostean, etzikoa izango da txapelketa denboraldiko lehen torneoa Arrasate Dragoiko kideentzat. Horren ostean, Euskadiko txapelketa etorriko da apirilaren 9an, Arrasaten jokatuko dutena, eta apirilaren 29tik maiatzaren 1era. Hitzordu garrantzitsuak dituzte aurretik, beraz, eta Elkorok azaldu du jada hasi direla horietara begira planifikazioa prestatzen.

Hori dela eta, domekan Gasteizen jokatuko dutena bezalako torneoak "martxa hartzeko" ondo datozela iruditzen zaio Elkorori: "horrelako torneoak oso ondo datoz, esate baterako, akatsak zuzentzeko. Horrelakoetan ez diogu garrantzia gehiena emaitzari ematen, baizik eta neskak erritmoa hartzen joateari eta lehiaketarako urduritasun puntu hori ere poliki-poliki hartzen joateko".
Bestalde, nabarmendu du Gasteizen Soriatik etorritako gimnastak izango direla gonbidatu modura, eta "maila oso altua" daukatela. Horregatik, besteengandik ikasteko aukera polita ere badela uste du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak