Deialdian, Ordainduko arduradunek diote "tokatzen" zaiena "erreklamatzen" jarraitzen dutela: borondatezko ekarpenak, ekarpen merkantilak eta erretiratu ostean kobratzeko dituzten diru-itzulketak.
Gogora ekartzen dute Mondragon Korporazioaren aurka aurkeztu zuten salaketa oraindik ez dutela tramitera onartu, eta atzerapen horrek "harritu" egiten dituela diote, izan ere, "normalean, salaketak agudoago onartzen dira. Beharbada horrela izango da 950 salatari garelako eta prozesuak lan handiagoa duelako".
Helburua lortu arte "modu masiboan mobilizatzen" jarraitzeko asmoa dutela berresten dute, eta gaur egun komunikabideetan dagoen Bankiaren kasua aintzat hartzen dute: "Kaltetuek etsi gabe bere horretan jarraitzeak garaipena ekarri dien adibidea" da, euren iritziz.