San Felipe Apostol elkarteko presidente Juan Jose Pagaldaik hartu du hitza lehendabizi, elkartasunaren ideiaren garrantzia nabarmenduz. Adineko jendea izan da nagusi hitzaldian eta Pagaldaik gazteei elkarteko bazkide egitera konbentzitzea proposatu die bertaratutakoei: "Hiltzea oso garestia da, bataz beste 2.500 eta 3.000 euro artean kostatzen du hiltzeak. Urtean 45 euroko kuota ordaintzeak asko errazten ditu gauzak une zailenetan".
(Ezkerretik eskuinera, Juan Jose Pagaldai eta Jose Luis Amerigo hitzaldiko une baten).
Testamentua eta herentzia bereizten
Ondoren, Arrasaten notario moduan 19 urte daramatzan Jose Luis Amerigo luze eta zabal mintzatu da eta, besteak beste, testamentu eta herentzia terminoak bereizi ditu: "Urte hauetan guztietan konturatu naiz jendeak bi hitz horiek nahasten dituela. Testamentua da pertsona bizirik denean bere ondasunekin zer egin gura den zehazten duen dokumentua. Aldiz, herentzia da pertsona hil ostean geratzen diren ondasunak banatzea testamentuaren arabera, eta testamenturik ez badago, legeak aurreikusitakoaren arabera".