15 eta 20 urte bitarteko dantzariek osatzen dute Egape ikastolaren dantza taldea, eta ikasleak diren arren, atzo argi erakutsi zuten Arrasaten profesionalen inbidia gutxi izateko moduan daudela. Ikasturtean zehar Edu Muruamendiarazekin landutako hamabost koreografia dantzatu zituzten Amaia antzokian; euskal dantzak oinarri izan arren, bai pausuetan eta baita jantzietan ere dantza garaikidearen eragin handia duten koreografiak. Begiradak dantzan izenburupean batuta daude dantza guztiok, eta iazko ikasturte bukaerako jaian eta Urnietako jaietan erakutsi ostean, atzo izan zen ikuskizuna herritik kanpo eramaten zuten lehen aldia.
Argindarrarekin izandako arazoengatik ikuskizuna bi aldiz eten behar izan zuten. Dena den, Urnietakoek profesionaltasunez erantzun zuten, eta Amaia antzokian batu ziren ikusleek txalo zaparrada beroak eskaini zizkieten bai emanaldian zehar eta baita bukaeran ere. "Ez nuen pentsatzen hainbeste jende etorriko zenik, eta jendea gustura geratu da. Taldekoak behintzat oso pozik itzuliko dira Urnietara", zioen behin ikuskizuna amaitutakoan Edu Muruamendiarazek. Santamas komisiñokoak ere gustura zeuden publikoaren erantzunarekin: "Jende asko etorri da, espero baino gehiago. Izan ere kosta egiten da horrelako gauza ezberdinetara erakartzea ikusleak. Luxu bat izan da Egapekoak hemen egotea".
Herrikoak ere bai
Arrasateko Lore Gazteak eta Arrostaitz dantza taldetakoak ere igo ziren atzoko saioan oholtza gainera, eta hauek ere fin ibili ziren. lau dantza egin zituzten denera: makil txikikoa, launako, gorulari eta txapeloa.