Partida ezin hobeto hasi arren, Santanderreko La Gallofa Cantbasket taldeak markagailua irauli eta neurketa irabazi du Arrasaten. Lehenengo laurdenean jaun eta jabe izan da MU, eta erritmo oso altua ezarri du kantxan. Erasoan fin ibili ondoren markagailuan abantaila esanguratsua hartu du Arrasateko taldeak (21-17).
Bigarren laurdenean MUk norgehiagoka kontrolatzen jarraitu du, baina atsedenaldi luzea heldu aurretik, Santanderreko taldeko antolatzaileak 3 hiruko lortu ditu jarraian, eta emaitza 42-39koa izan da.
Lehenengo bi laurdenetan erasoan eta defentsan sendo aritu dira Mondragon Unibertsitatekoak, baina atsedenaldiaren ostean, La Gallofak zonakako defentsa erabili du, eta markagailua iraultzea lortu du. Faltek min handia egin diote MUri, eta taldeak partidaren norabidea galdu du. Horrela, hirugarren laurdena 51-55koarekin bukatu da.
Azkeneko laurdenean, Arrasateko taldeak erritmoa galdu egin du, eta kanpoko taldeak konfiantzarekin jokatu du. MU azken segundora arte saiatu da, baina garaipenak ihes egin dio, beste behin ere (72-78).
Entrenatzailea pozik
Porrota jaso arren, Josu Larreategi teknikariak taldeak egindako lan borobila azpimarratu du: "Pozik nago egindako lanarekin. Lehenengo zatiarekin batez ere. Irabazteko presioa dugu, garaipenak behar ditugulako mailari eusteko, baina gaur taldeak partida borobila egin du".