Iazko ikasturte amaieran ikastolan egin zuten saioa ekarriko dute gonbidatuek Amaiara. "Oso eskertuta gaude eman diguten aukeragatik. 15 eta 20 urte bitarteko 45 dantzariren artean hamabost koreografia egingo ditugu. Hiru taldetan banatuta, talde bakoitzak bosna koreografia egingo dituzte. Ez dugu istorio zehatz bat kontatzen baina koreografiak elkarrekin lotzen dituzten ardatz nagusi bat dago, hau da, dantzariek soinean duten antifaza. Hortik dator ikuskizunaren izenburua" azaldu du Edu Muruamendiarazek, Egape dantza taldeko koreografoak.
Euskal dantza tradizionalaren eta dantza garaikidearen arteko nahasketarekin osatutako ordubeteko saioa da. "Euskal Herriko txoko askotako dantza ezagunak gure erara moldatu ditugu. Ez duzue, bada, ohiko euskal dantza saio bat ikusiko".