"Nagore Ezeizak berak deitu zidan. Internet bidez ikusi zituela nire diseinuak eta ea soinekoren bat utziko nion Goya sarietara joateko esan zidan", jakinarazi du Albesek. Hala, Arrasaten duen tailerrera etorri zen hori egun batean, probatu eta eraman egin zuen soineko beltza. "Etxetik jarraitu nuen ekitaldia, eta oso-osorik ikusi nuen Nagore ikusi nahian. Baita ikusi ere, dokumentalaren izena esandakoan jaiki egin zen eta".
Gauerako bereziki gertatutako soinekoa da Albesek diseinatutakoa: "Beltza, luzea, atzeko partea lurreraino duena, lumaduna eta beirazko osagarriekin, bizkarra zabalik, gorputzari ondo itsatsia, sirena itxurakoa… Nire azken bildumako soineko bat da, eta horri begia botata etorri zen Ezeiza. Beste hainbat probatu zituen hemen, baina hasierako ideiarekin geratu zen. Eta beretako egindakoa zirudien soinekoak, ez nion konponketarik ere egin behar izan".
Sari banaketaren biharamunean harekin hitz egiteko aukera izan zuen telefonoz: "Saria jaso ondoren ospatzera joan ziren, jende ezagunez inguratuta, eta soinekoagatik ere askok zoriondu zutela esan zidan", dio arrasatearrak pozik.
Eleganteak sexy ukituarekin
Albes diseinatzaileak gustuko du Goya sariak jarraitzea: "Gala osorik ez dut ikusi izan, batez ere alfonbra gorritik pasatzen direneko unea jarraitu izan dut: izendatuak zelan doazen jantzita ikusi, tendentzietan begia jarri…", Eta aurten zerk eman dion atentzioa argitu du: "Koloreekin ausartu direla esango nuke, eta zuriak, gorriak eta beltzak ere asko ikusi dira, Penelope Cruzena, esaterako, asko gustatu zitzaidan, eta Ursula Corberórena politenetakoa izendatu dute. Luzeak izan arren hankak erakutsi zituzten askok. Hortaz, eleganteak ziren, baina sexy ukituarekin eta asko gustatu zitzaizkidan".