Azken segundotan izan du aukera Ford Mugarrik, baina ezin garaipena lortu

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko urt. 31a, 16:45
Ford Mugarriko jokalaria jaurtiketa egiteko defentsa lerroa gainditu nahian.

Berdinketarekin konformatu behar izan dute Patxi Gartziaren mutilek. Markagailuak, amaieran, 23-23 jasotzen zuen. Gakoa, entrenatzailearen esanetan, bigarren zatiko egozpenak edo kanporatzeak izan dira.

"Partidu zaila izan da", esan du Ford Mugarriko entrenatzaile Patxi Gartziak norgehiagoka amaitu ostean. Arrasatearrek Txikipolit ZKE taldea izan zuten zapatuan aurrez aurre Iturripen, eta berdinketarekin amaitu zen norgehiagoka. Lidergoa egonkortzea zen etxekoen erronka eta taulako postu gorenean jarraitzen badute ere ez dute bigarren taldearekiko aldea handitzea lortu. Basaurik irabazi egin du asteburuko partidua eta puntu bakarrera dago orain. Izarraitz Aloña Mendik ere ez du hutsik egin, eta hirugarren postuan da Arrasatearrek baino hiru puntu gutxiagorekin.

Partidu zaila

Patxi Gartziaren esanetan Zarautzeko taldeak ondo defendatu du eta etxekoei zaila egin zaie euren jokoa egitea, batez ere hegaletatik. Atsedenean 13-14 jasotzen zuen markagailuak. "Bigarren zatian egozpenetan egon da gakoa", azaldu du entrenatzaileak. "Zazpi egozpen edo kanporatze izan ditugu. Horrek esan gura du jokalari bat gutxiagorekin jokatu ditugula hamabi bat minutu. Asko sufritu dugu".

Zailtasunak zailtasun aukerak sortzen asmatu dute Arrasatekoek, nahiz eta ate aurrean asmatu ez. "Aukerak izan ditugu, baina kale egin dugu. Azkena, esaterako, partidua amaitzeko zazpi segundoren faltan... Baina gelditu egin du atezainak! Zortea, gaur, ez da gure alde egon!".

Ford Mugarrik Ereintza aurka jokatuko du hurrengo aste bukaeran eta Izarraitz Aloña Mendiren aurkako derbia izango du otsailaren 13ko asteburuan. Txapelketa, duda barik, interesgarri dago.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak