Udalak 2015eko kiroldegiko erabiltzaileen eta zerbitzuen balorazioaren berri eman du asteon. Azaldu dutenez, abonatu zein ikastaroetako parte hartzaileen kopuruak gora egin zuen iaz. Aurtengo ikasturte hasieran, iazkoan baino 250 lagun gehiago daude izenpetuta eta gaur egun 4.950 bazkide ditu kiroldegiak. Ikastaroei dagokienez, partaide kopuruak ere gora egin du; 810 pertsonek hartu dute parte kirol zerbitzuek antolatutako ikastaroetan, iaz garai honetan baino 120 pertsona gehiagok, eta spinning jarduerak jarraitzen du ikastarorik arrakastatsuena izaten.
Zerbitzuak eta instalakuntzak hobetzea
Datu horiek guztiak aintzat hartuta balorazio positiboa egin du Udalak eta, aurrera begira, kirol zerbitzuen eta instalakuntzen kalitatea hobetzea izango da Udalaren helburu nagusia.
Bestalde, 2016ko ikasturtean ikastaro berri ugari eskainiko dira. Horien artean bi nabarmendu ditu Udaleko Kirol Zerbitzuak: Krosfit eta Matrogym; azken hori haurdun daudenendako uretako gimnasia ariketak dira. Bestalde, hilabeteko abonu modalitatea sortu da eta maiatzera bitarte, berriro ere, bazkide direnek, kirol aholkulari baten zerbitzuak jaso ahal izango dituzte, doan, kiroldegiko gimnasioan.
Kuota bera arrasatearrentzat
Udalak jakitera eman duenez, Debagoieneko Kirol Txartela kendu dute zenbait herritan abonu aldaketak eman direlako. Eta, bailarako beste herriek duten irizpideari eutsiz, Arrasaten erroldatuta ez daudenek %20 gehiago ordaindu beharko dute kiroldegiko kuotan: "Bertakoei lehentasuna ematea da helburua, arrasatearrak direlako eta euren zergen bidez kirol instalakuntzak eta horien mantenua ordaintzen dutelako". Beraz, arrasatearrentzat, azken urteetako prezio bera izango dute abonuek.
Amaitzeko, hobariak mantenduko dira ikasle arrasatearrendako eta diru sarrera baxuak dituzten herritarrendako; horiek bete beharreko baldintzen berri jasotzeko, kiroldegiko harreran galdetu edo 943 77 16 77 telefono zenbakira deitu.