San Juan Bataiatzailearen parrokian elkartuko dira, 08:00etako mezan. Ondoren, ohiko talde argazkia atera eta bi taldetan banatuko dira: batzuk Bedoña aldera egingo dute eta besteek Musakolara. Eguerdian, 14:00ak aldera, udaletxeko eskaileretan abestuko dute eta udaletxeko emanaldiaren ostean, Leize elkartean bazkalduko dute.
Arratsaldean ere, kantuan aritu ostean, Herriko Plazan borobilduko dute eguna, 21:00etan. Egun berezia izaten da Santa Ageda abesbatzakoendako: "Luze egiten da baina egun ederra da guretako. Hori bai, jende gaztea falta zaigu", adierazi dute.
Behartsuenei laguntza
Ohitura zaharrari eusteaz gain eguneko helburu nagusia da behartsuenei laguntzea, Caritasen bidez. Iaz 4.719 euro bildu ziren eta honela banatu zuen Caritasek: seme-alabak dituzten familia langabetuei 2.000 euro, etxe-alokairuen laguntzarako 1.519 euro eta eskola jangeletarako 1.200 euro.
Denda eta enpresei begira honako kontu korronte zenbakia dute: 2095 5055 56 1066568303 (Kutxabank). Honako hau gaineratu dute: "Zuen laguntza dagoen artean guk jarraituko dugu lanean". diote.