Ziurtagiria gaur, eguaztena, entregatu dute, “Enpresa osasungarria” izeneko dibulgazio jardunaldi baten esparruan, Osarteneko instalazioetan, eta bertan parte hartu dute, besteak beste, AENORreko Sanitateko gerente Marta Serranok, batetik, eta Cristina Iruretagoienak eta Jose Luis Lafuentek, bestetik, Osarteneko Medikuntza saileko zuzendaria eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren.
Osartenek, 2013an, langileen osasuna ebaluatzeko eta kudeatzeko berak sortutako metodologia garatu zuen. Enpresako estrategiarekin eta kudeaketa planekin uztartuta dago hori. Zerbitzu hori bezeroei aurkeztu aurretik, enpresan bertan proba pilotua egin zuen eta horren ondorioz, denboran iraun eta erakundeko ohiko kudeaketan integratutako Enpresa Osasungarri plana sortu zen, bertako langileen osasunaren gaineko begirada espezifikoa emanez.
Enpresa Osasungarriaren eredua
Ziurtagiria lortzeko, AENORren Enpresa Osasungarria ereduak dituen baldintzak bete behar dituzte enpresek (erakunde bakoitzeko berezitasunak kontuan hartuz) eta laneko giroan eragina izan dezaketen arrisku faktoreak identifikatu, berauek kontrolatu, gutxitu eta ezabatzeko helburuarekin. Faktore hauek lau multzo handi hauetan kokatzen dira: giro fisikoa, giro psikosoziala, osasun baliabideak eta enpresaren parte hartzea komunitatean.
Eredu hau, munduan aitzindaria, Munduko Osasun Erakundeko irizpideetan eta etengabeko hobekuntza metodologian oinarrituta dago. Osasuna, ongizate fisiko, mental eta sozial osoa bezala ulertu behar da, erakunde haren arabera. Helburu nagusia laneko giro osasungarriak sustatzea da. Langileen osasuna eta ongizatea hobetzeaz gain, motibazioa hobetu, enpresen ekoizpena, lehiakortasuna eta jasangarritasuna handitzen du eta osasuneko kostuak gutxitzen ditu, gizartearen bizi kalitatearen hobekuntza sustatuz.
Langileen segurtasuna, osasuna eta ongizatea babestu
AENORren ziurtagiriak honako hau baieztatzen du: Osartenek, langileen segurtasuna, osasuna eta ongizatea babestu eta laneko giro iraunkorra sustatzen duen kudeaketa sistema aplikatzen duela.
AENORek egindako txostenetik hartutako indar-guneen artean, Innobasquek 2015ean elikadura osasungarria, jarduera fisikoa eta emozioen osasuna sustatzeko hartutako konpromisoengatik Osarteni emandako Gosasun zigilua nabarmentzen da.
Gaur egun, AENORrek hainbat sektoreko 40 Enpresa Osasungarri ziurtagiri entregatu ditu.