Jabier Muguruzak badu bere publiko leiala eta horiek izan ziren nagusi Amaia antzokian zapatu gauean. Gazte eta ume taldetxo batzuk ere izan ziren, eta familiaren bat ere bai, baina gehienak helduak izan ziren. Eta pozik irten ziren antzokitik, izan ere, ikuskizun xamurra eta polita eskaini zuen Muguruzak; halaxe ikusi zuen bertan entzule izan zen Karmelo Alberdi Arrasateko Kultura teknikariak: "Musikalki ikuskizun ederra izan zen; merezi duen ikuskizuna, kalitate handikoa. Ez da masiboa, baina bere publikoa badauka", dio berak.
Azpimarratu du ere Muguruza babesten etorri zen taldea: David Gomez (bateria), Ignasi Gonzalez (kontrabaxua) eta ohiko lagun duen Mikel Azpiroz (pianoa). "Primerako taldea da; jazzetik datozen musikariak dira, oso maila handikoak", esaten du Alberdik.
Formatu ezohikoa da Jabier Muguruzarendako: "Beste formatu batzuetan ikusi izan dut nik; gitarra-jotzaile batekin, edo Mikel Azpirozekin sarritan. Oraingoan, bateriak eta kontrabaxuak ukitu berezia eman diote", gaineratzen du Alberdik.
Lurraren izenak abestiaren letra Gerardo Markuleta oñatiarrak idatzi du eta herriko hainbat toki aipatzen ditu; noski, hori ere jo zuen Amaia antzokian.Maila handiko emanaldiakKontzertu horrekin, musikari ezagunen kontzertu sortarekin jarraitu du Amaiako programazioa. Martxoaren 13an, Fermin Muguruza, Albert Pla eta Raul Fernandez etorriko dira Guerra musikalarekin; eta apirilaren 16an, Ken7.