Gutxieneko markak lortzeko saioa izan zuten atzo, zapatua, Anoetan. Eta, batu ziren atleten artean Arrasateko hainbat ordezkari zeuden. Horietako bik, baina, ez ahazteko moduko eguna izan zuten, Iñigo Uribarrenek eta Eneko carrascalek hegan egin zutelako salto hirukoitzean. "Sentsazio ikusgarriekin" jardun zuen Iñigo Uribarrenek lehenagotik pista estalian zuen marka ondu zuen (15.87). Hala, Euskadiko erreferente izatetik Espainia mailan ere aurrealdean egotera pasa da. Hain zuzen, abenduan erakutsi zuen Uribarrenek sasoi onean zegoela, luzera saltoan marka ederra eginda.
Eneko Carrascal, Europako Txapelketara
Baina gazte mailan Eneko Carrascal ez zen atzean geratu. Pentsa, 1983tik zeukan Iñaki Gonzalezek (Donostiako jakintza taldekoa) 14.64ko marka –Euskadiko onena– eta Carrascalek 23 zentimetrotan ondu zuen errekorra (14.84). Marka horri esker, ostera ere, Europan lehiatu ahal izango da, udan Georgian (Tbilisi) egingo dituzten Gazte Mailako Europako Txapelketan.
Carrascalek, gainera, ondo ezagutzen ditu paraje horiek, 2015ean bertan egin zituztelako Europako gazte mailako atletismo jaialdiak. Pena, Europan lehatzeko aukera izan eta txapelketa iazko leku berean izatea.
Bestalde, pertika jauzilariak ere Anoetan izan ziren, baina euren bertsiorik onena erakutsi barik. Jonathan Perezek 4.20 metroko saltoa egin zuen, eta Istar dapenak 4.60 metrokoa. 800 metrotan, ostera, Dani Martinez bere helburutik 2 segundora geratu zen (2.02).
Hurrengo hitzordua zapatuan izango da, Gipuzkoako kadete eta gazte mailako txapelketekin.