Bihar, zapatua, Jabier Muguruzak Tonetti anaiak lana aurkeztuko du; martxoaren 13an, Fermin Muguruza, Albert Pla eta Raul Fernandez Refree musikariek Guerra musikala eskainiko dute; eta apirilaren 16an, Ken 7ren Phoenicoperus bira ekarriko dute. Ekitaldi guztietarako sarrerak eskuragarri daude leihatilan eta Arrasate.eus atarian.
Hirietako eskaintza herrietan
Proiektu handiak garestiak izaten dira, eta alde horretatik mugatuta daudela dio Karmelo Alberdik, Kultura teknikariak: "Noizean behin horrelako proiektuak gurera ekartzea beharrezkoa dela uste dugu, eskaintza hori hiriburuetara ez dadin mugatu. Marjina txikia izaten dugu prezioa adosteko. Ordaindutako dirua, gehienetan, sarreren salmentan berreskuratzen dugun arren, diru hori ez da zuzenenean Kultura Saileko aurrekontura itzultzen. Eragin zuzena du, beraz, urte osorako dugun aurrekontuan. Orain artekoek harrera ona izan dutenez, apustua egiten jarraituko dugu".
730 toki erabilgarri
Handia eta oso akustika onekoa da Amaia antzokia. "Areto erosoa da; oso ezaugarri onak ditu, ekipamendu teknikoa, langile kopurua eta bestelakoak kontuan hartuta. Beti dago hobetzerik, baina, orokorrean, oso iritzi onak jaso ditugu taldeen eta ikusleen aldetik. Kontzertu batzuk hall-ean programatzen ditugu, joko duen taldearen musika estiloarendako aproposagoa delako, batzuetan, eta aretoa handiegia geratzen delako, beste batzuetan. Hall-eko baldintzak aretokoak besteko onak ez diren arren, giro berezia sortzen da kontzertuetan".