Udaletik gogoratu dutenez, baserriko produktuak puntualki saltzeko gogoa edo asmoa dutenek ere egin ahal izango dute urtean zehar. Aurtengo erronkei dagokienez, Udalak orain arteko ildotik jarraituko du hileroko azokarekin: "Lehengo bidetik jarraitzea da asmoa. Markatutako bidetik jarraituko dugu, azokarekin batera eta ekintza osagarriak antolatzen", adierazi du Enplegu eta Garapen Saileko teknikari Marga Garmendiak.
Sei mintegi Zuhaitz Ferian
08:00etan hasiko da Zuhaitz Feria: "Goizean goiz hasiko gara, 08:00etatik aurrera, sarritan baserritarrak ordu horretan etortzen direlako, eta gero goizean zehar landatu egiten dituztelako zuhaitzak", azaldu du Ingurumen Saileko teknikari Pello Garaik.
Sei mintegi gerturatuko dira eta eskaintza oso zabala izango da: "Toki ezberdinetatik sei lagun etorriko dira, eta bakoitzak bere ezaugarriak dituen arbolak ekarriko ditu. Oso aukera ona izango da azokara gerturatzea, mintegi hauek onak direlako, eta dena batera aurkitzea ez delako erraza izaten. Arrasatetik eta inguruetatik jendea zuhaitz bila urrunera joaten dela atzeman dugu, eta bihar goizean denak batera izango ditugu Sebero Altuben. Zuhaitz aukera polita eta zabala egongo da", adierazi du Garaik.