"Oso pozik gaude lehen urteak eman duenarekin. Eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki bezeroei eta Jai Zaletik pasatu diren musika talde, bakarlari, hizlari eta gainerakoei". Hitz horiek izan dituzte Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideek Jai Zale taberna hartu eta urtebetera.
Lantalde gaztea dago atzetik eta hasieratik erakutsi dute askotariko ekitaldiak antolatzeko prestutasuna: "Uste dugu lan handia egin dugula tabernari buelta bat emateko eta jendeak erantzun du, gune bizia izan da. Dinamika honetan jarraitzea da gure asmoa", diote. Izan ere, 2015eko azken hilabeteetan egin moduan, aurten ere hileroko egitarau bat antolatzeko saiakera egingo dute.
Hiru egunetako ospakizunak
Zapatuan beteko da urtebete taberna berritua inauguratu zutenetik, baina ospakizunak aste bukaera osora zabalduko dituzte. Egubakoitzean, tragoarekin batera mokadutxoa banatuko dute arratsalde osoan zehar eta, 22:30ean hasita, Hans eta Peio igoko dira agertokira emanaldi akustikoa eskaintzeko. Bi musikari arrasatearrekin batera hainbat lagun igoko dira Jai Zaleko oholtzara. Eguna borobiltzeko Adri Music-ek musika jarriko du, rocka oinarri.
Zapatua, hilak 16, izango da egun handia. Egunari ekiteko, goi mailako bertso saioa izango dute 13:00etan: Jokin Labaien, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi etorriko dira, eta Beñat Zamalloa arituko da gai jartzaile. Gero, 18:30ean, Azkaiter Pelox musikari bergararraren txanda etorriko da; Azkaiter Pelox Trio izenarekin etorriko da oraingoan. Gauean, "parranda eta sorpresak" izango dituzte.
Domekarako zozketa berezi bat prestatu dute. Asteburuan zehar tragoarekin batera hitzak banatuko dituzte Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera esaldia osatzeko. Domekan esaldi hori osatu duten bezeroen artean saski bat zozketatuko dute, 20:00etan.